Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkartea 1983. urtean sortu zen euskara arrasatearren bizi-esparru guztietara zabaltzeko helburuarekin.
Sasoi hartan euskaldunon hizkuntza kinka larrian zegoen gure herrian. Arlo batzutan, irakaskuntzan nagusiki, aurrerapausoak ematen hasia bazen ere, arrasatearren artean euskararen erabilera oso baxua zen -hamarretik batek zeukan euskaraz berba egiteko ohitura-.
Testuinguru gordin horretan, euskararen egoeraz kezkatuta zegoen zenbait pertsona soziolinguistika-hitzaldi sorta baten inguruan elkartu ziren. Haien artean zegoen Iñaki Mendiguren Bereziartuk horrela idatzi zuen topaketa hari buruz:
“Han bildutakoen artean bazegoen adostasunik gutxienez zenbait puntutan.
1.- Euskararen egoerari buruzko ikuspegia. Euskararen normalizazio-bidean hainbat aurrerakada (irakaskuntzan, komuikabideetan, etab.) onartu arren, halere euskararen benetako presentzia eta erabilera oso murritzak izanik herrian, zenbait gehiago egin behar zela pentsatzen zen.
Eta hau garrantzitsua da, bai baitzegoen (eta oraindik ere bai) jende-multzo bat beste honako planteamenduarekin: "Duela urte batzuk baino askoz hobea da orain euskararen egoera; bide onetik goaz eta ez dago ahalegin berezi gehiagorik egin beharrik, batez ere, herri-mailan".
2.- Ohizko militantziaren zenbait eragozpen gainditu nahia. Alegia, banaka batzuen lan eskerga eta "erregarri"aren eraginkortasun eskasak hainbat militanteri sortutako frustrazioa gainditu eta zerbait berria eta positiboagoa egin nahia.
3.-Bigarren puntuarekin lotuta, oso garbi zegoen ezer egiten
hastekotan, -eta laster ikusi zen komenigarri elkarte bat eratzea- planteamendu zabal, ireki eta integratzailea egin behar zela; pentsaera eta ikuspegi politiko, ideologiko, etab.. ezberdinetako euskaltzaleak eta jendea elkartu behar zirela, Zalantzarik gabe esan daiteke, hau lortzea zaila izanik ere, honetan datzala azkenean edozein ekimen arrakastatsuren gakoa.
4.-Bi maila osagarritan lan egin beharra: alde batetik, erakunde mailan – Euskararen Udal Batzordea eta Euskararen Gabinete Teknikoa sortzeko lehentasunarekin-. Eta, bestetik, herri-mobilizazio eta gizarte-kontzientziatze mailan.
Eta honetarakoxe sortu zen AED, elkarte gisa: jendea biltzeko; lan egiteko, mentalizazio eta motibazio-lana batipat; beharrezko neurriak eskatu, exijitu eta presio egiteko; "akuilu" eta elementu kritiko izateko...”
Eta, hain zuzen ere, 1983ko azaroaren 29an egin zen Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea sortzeko Eraikuntza Batzarra. Euskara elkarteen aitzindaria eraturik zegoen.
Elkartearen bilakaera
Huraxe izan zen abiapuntua Arrasateko euskaltzaleak batu eta lanean hasteko, euskaraz bizitzeko eremu berriak zabaltzeko, euskal kultura sustatzeko, Udalean Euskara Zerbitzua sortzeko, euskarak normalizazioari begira behar zituen neurriak bideratzeko edota exijitzeko, jendearen hizkuntza-jarreretan eragiteko…
Urterik urte AEDren jarduera hedatzen joan zen, lantzen zituen arloak (sentiberatzea, kultura, haur eta gazteen aisialdia, lan-mundua, hedabideak, emakumeak...) ugaritu ahala. Elkartearen sorreran ereindako haziaren fruitua biderkatuz zihoan etengabe eta, hori horrela, hasiera batean elkartearen lan-ildo ezberdinak jorratzeko eratu ziren lantalde batzuek beren bide propioari heldu zioten, izaera juridiko propioaz eta kudeaketa autonomoaz, modu eraginkorragoan eta kalitatezko parametroetan lan egiteko:
- 1991: Arrasate Press eta Arrasate Telebista ekoizten zituen ARKO izan zen erakundetzen lehena.
- 1994: Txatxilipurdi izan zen hurrengoa Haur eta Gazteen aisialdiaz arduratzeko.
- 1995: Ekin Emakumeak elkartea eratzeko urtea izan zen, emakumeei euskarara gerturatu eta pertsona gisa garatzeko bideak zabaltze aldera.
- 1996: Euskalan erakundetu zen azkena, lan-munduan, eta bereziki enpresetan, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Harrezkero, AEDren jarduera hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: Gazteak, Euskal kultura eta Sentsibilizazioa.
Arrasateko elkarteon jarduera eta lan egiteko modua eredu izan dira gaur egun Hego Euskal Herrian diharduten laurogeitaka euskara elkarteentzat.
Urtetako lan oparo horrek erakunde publikoen errekonozimendua ere jaso izan du: 1997an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria eman zion AEDri. 2008an, berriz, Eusko Jaurlaritzak saritu zuen elkartearen ibilbidea Ukan sariarekin.